Sua piztea baizik (hegorik gabeko txoria)

Adina: 13-14tik aurrera.
112 orrialde.
Gaiak: hezkuntza, ikastea eta irakastea, laguntasuna, depresio endogenoa, adimen anizkoitzak, norbera aurkitzea, pasioa.
Gaumin sormen-etxea, 2018.
Formatu zabala (165 x 240 mm).
Prezioa: 13,50 euro

Sinopsia

“Hezkuntza ez da ontzi bat betetzea, sua piztea baizik” (W. B. Yeats)

Ermua: mendiek besarkaturiko herria.
Miren, Hodei eta Ismene: hiru lagun. Oraindik elkarrekiko sentimenduak onartu nahi ez, baina ikastetik gertu.
Ispilu misteriotsua: antzinako mago erreal batena, eta beharbada benetan nor zaren erakutsi ahal dizuna.
Izaskun: hezkuntza eraldatu nahi lukeen irakaslea. Nekatua eta gainezkatua, baina dena emateko prest ikasle-irakasleen txinpartak berpizteko.
Hegorik gabeko txoria: Mirenek aurkitu du kalean, eta hala ikusten du bere burua. Hautsia, desilusionatua. Ez du etxetik atera nahi.

Hodeik eta Ismenek denetik biziko dute Mirenen hegoak sendatzearren: lapurretak, borrokak, atxiloketak, sua, izua eta lilura. Izaskunen laguntzarekin, beraien bizitzako abentura biziko dute… ikastetxea iraultzen duten bitartean.

Sua piztea baizik: liburuaren nondik norakoa

Hauxe da Gaumin sormen-etxearen apusturik handienetakoa, ez baita inola ere mugatzen istorio izatera. Hezkuntzaren munduari begira dago erabat eta, gure txikian, harentzat laguntza moduan egina da.
Liburuak oso bestelako hariak ditu, batzuk erakargarritasunari begira (ezinbestekoa gazteak harrapatzeko), baina horien azpikoak dira inportanteagoak. Eta haietako bat, beharbada, dagoen (edo beharko lukeen) inportanteena: hezkuntza.

Protagonista gaztetako bat (Miren) triste dabil. Ez dakien arren, depresio endogenoa deritzona du: arrazoi zehatzik gabeko tristura lazgarria. Gero eta zabalduago dago gazteen… eta beste guztion artean ere. Mirenek hegorik gabeko txolarrea aurkitzen du hasieran, eta halakotzat hartzen du bere burua: hegorik gabeko txori gisa.
Depresio horri aurre egiteko, haren bi lagun (Hodei eta Ismene) jo eta su arituko dira, laguna tristura madarikatu horretatik ateratzeko.

Bitartean, ikastetxeko zuzendari berria (Izaskun) hezkuntza eraldatu nahian dabil. Eta metodologia zaharrak eta berriak erabili nahi ditu, hezkuntza berez behar lukeena bihurtzeko: norbera eta mundua ondoen ezagutzeko tresna. Yeats poetaren esaldia dakar Izaskun pertsonaiak: “hezkuntza ez da ontzi bat betetzea, sua piztea baizik”. Esaldi horrek ematen dio izenburu liburuari ere.
Eta horrela, abenturaren baitan eta haren aitzakian, metodologia eta jarduera interesgarri batzuk planteatzen dira, zenbait eskolatan aurrera eramaten saiatzen ari direnak.

Liburua Ermua herrian kokatua da, eta herriko hainbat pasadizo, gune eta pertsonaia interesgarri azaltzen dira argazkien bitartez edota testuan, istorioa osatzeko: Lobiano Jauregia, Ongarai auzoa, Ermua azpitik zeharkatzen duen tunela, Ermua BHI institutua, Santiago Eliza, Teodoro Zuazua…

Edizioa

Metodologia berriak sustatzeko asmoz, edizioan ahalegindu gara txertatzen horietako batzuk.
Materialari dagokionez, orain arte “ohikoak” direnak Gauminen: bideoak eta irudiak.

Bideoei dagokienez, ikasleenak ere txertatuko ditugu apurka, liburua zabaldu ahala. Hasteko, bada liburuan bertan ikasle batek inprobisatutako dantza, protagonista balitz bezala egina. Zirraragarria da halako emaitzak izatea.
Hezkuntzarentzat interesgarriak izan daitezkeen bestelako bideo batzuk ere txertatu dira, guk zuzenean sortu ez arren.

Esate baterako, “Tximeletaren zirkua” laburmetraia, Youtuben ikusgai dagoena euskarazko azpitituluak eta guzti. Nobelaren zati bihurtu dugu hari buruzko informazioa, irakasleek erabiltzeko aukera errazagoa izateko.

Liburuko irudiekin ere zerbait berezia egiten saiatu gara. Esate baterako, gorputz mugimenduak proposatzen zirenetan, siluetak erantsi ditugu, haiek hobeto ulertzeko. Edo lekuak aipatzean (eraikinak, objektuak, kontzeptuen metaforak ere), haien argazkiak erakusten dira, irudimena askatzen laguntzeko. Betiere jakinda gazteentzako nobela zela, eta haien esperientzia aberasteko asmoz.

Liburutik bertatik aterata:

Inkomunikazio komunikatuaren garaia

Hezkuntzaren mundua da dugun inportanteenetarikoa. Eta badugu zer pentsatua eta zer eraldatua, eta bizkor samar gainera.
Urte asko dira ikastetxeen gelak nabigatzen. Apurka, sentsazio bitxia: ikasleak eta irakasleak nekatzen ari direla. Borrokan eta ahalegin etengabean, baina tarteka etsitzen. Tristura edota depresioa ere garatuegi dago jadanik. Hori zen nobelaren gaitako bat.
Baina hari nagusia, ezinbestean, kontrakoa da: horri nola egin diezaiokegun aurre. Nola piztu dezakegun hezkuntza. Alegia, bizitza. Nola lortu dezakegun ikasleak, irakasleak eta gurasoak harro eta pozik sentitzea eskolaz. Geure buruaz.
Hainbat irakaslek oparitu dizkidate urteetan ideiak eta proposamenak, hezkuntzaz eta bizitzaz. Hona hemen haiek erakutsitakoa (era)berritzen laguntzeko txinpartatxoa. Poetak dioen moduan, ez ontzia betetzeko, sua pizteko baizik.

Su on!

Pertsonaiak

Kokapena

Azala

Azalaren elementu bakoitza majo hausnartua dago, eta lan handia dago haren atzean.
Protagonista bera ikusten da azalaren erdian, neska gaztea. Begiak ez dizkiogu ikusten, estalita bezala ditu. Ez du ikusten, edo ez du ikusi nahi. Zerbait falta zaio. Edo, agian, ez du kanpora begiratu nahi, barnera baizik. Hantxe aurki dezake, beharbada, oraindik ez dakien hura eta aska dezakeena.
Neskaren atzeko lerroek hostoz gain, sua ere irudikatzen dute (hezkuntzaren sua, bizitzaren sua, izenburuaren sua: Sua piztea baizik)
Arrosa ilean (ametsa, bizitzeko desira).
Txolarrea, hegoak itxita hasieran. Neskaren bidaidea eta konpainia. Biek dituzte hegoak zaurituta.
Txolarrearen azpian, hego formadun hostoak (haiek bai, hego irekiak, askatasunaren alegoria), eta inguruan basa-loreak (opariak, aukerak, esperientziak) eta formak akuarela estiloan, eta konposizio osoa estu besarkatzen.
Neska gaztearen atzean, espazio biribila, narrazioan azaltzen den ispilua gogoratzen duena, iritsiko zaion argia islatzen.
Hondoa krema, testura apur batekin.

Azalaren diseinua: Estudio de diseño gráfico LinaLimón
linalimon.com
Sarai Cabanillas & Cristina Granda

 

Hilezkorra (Otsoaren begirada)

Adina: 13-14tik aurrera.
96 orrialde.
Gaiak: hilezkortasuna, leialtasuna, iragana eta etorkizuna, antzinako historia, mitologia, gizakion alderdi iluna eta autosuntsigarria, norberaren burua gainditzea.
Gaumin sormen-etxea, 2018.
Formatu zabala (165 x 240 mm).

Sinopsia

Zenbait gorpu agertu dira Hernanin, guztiak oso modu bortitzean hilak.
Bittor, hilda zegoen gizon bat, esnatu egin da Donostian. Ez daki zer gertatu zaion, oso bitxi sentitzen dela bakarrik.
Aitziberrek, arkeologia maite duen neska gazteak, oso aurkikuntza berezia egingo du Hernanin bertan, ezkutaturik zegoen antzinako leize batean.
Hura gutxi ez eta, Hernaniko inguruetan, bi hiltzaile dabiltza aske. Gizatiarra bata, hilezkorra bestea.

Ze opari dakar hilezkor bihurtzeak? Ze amets? Ze prezio?
Kondairen xuxurla, beharbada, ez dago guk uste bezain urrun. Arbasoen harri-margoak, otso basatiaren ulua, lamia eternoa… Ginena eta garena.
Kondairetan gordetzen da gure argia. Eta berdin onartu nahi ez genukeen alderdi iluna, gure itzal suntsigarria.

Zeure barru gordea ezagutzeko prest?

Hilezkorra liburuaren nondik norakoa

Irakurketa Errazaren eta “betikoaren” filosofia uztartu nahi dituena, testu irakurterraza eta bizia, eta itxura “normalxeagoan” eskainia… gehigarri pilo batekin batera.

Protagonista nagusiak hilezkorrak dira. Batzuk hala ziren, beste batzuk nobelan ohartzen dira badirela. Ezaugarri horrek aukera handia ematen du hainbat alor funtsezko aztertzeko: zer garen, historia, ustea, beldurra, leialtasuna, tradizioa…
Hernanin kokatua da, eta herriko hainbat gune interesgarri azaltzen dira argazkien bitartez, testua osatzeko: Santa Barbara ingurua, Orona eraikina, Biteri Kultura-etxea, Donostiako Ametzagaina…
Misteriozko istorioa da, gazteentzat. Askoz gehiago ere kontatzen du, ordea, arkeologia, artea, psikologia, modernitatea eta futurismoa,  tradizioa eta mitoa baititu oinarri.

Misterioen aitzakiapean, antzinako hainbat pasarte erdi-historiko irudikatzen dira: gizakion eta otsoen arteko lehen harremana, leizeetako harri-margoak, iragana, zenbait mitoren jatorria, tradizio ahaztuak, Euskal Herriko zenbait gune.
Psikologiaren pisua ere nabarmena da. Protagonistek beraien alderdi ilunei egin beharko diete aurre.

Helburua, beraz, literarioa ez ezik, edukatiboa ere bada. Irakasleak hainbat gai hartu ahalko ditu hausnartzeko eta lantzeko, ikasleak motibatuak izan bitartean.

Gainerako materiala ere

Aurrekoen moduan, bideoak izango ditu liburuak, istorioa osatzeko.
Eta modernitatea. Hernaniko Orona eraikinak azaltzen dira iragan horren kontrastean.

Edizioa

 

“Sua piztea baizik” liburuan bezala, metodologia berriak sustatzeko asmoz, edizioan ahalegindu gara txertatzen horietako batzuk.

Han esanak aplikatzen dira hemen ere: bideoak barnean, irudiekin lan berezia, siluetak osatzeko, lekuen argazkiak, metafora bisual iradokitzaileak …

Kokaguneak

Hernani, Ametzagaina, Orona, Donostia ospitalea…

Azala

Otsoaren begirada da nagusi, otsoaren arima baitu liburuak. Bi kolore ditu otsoak: zurixka eta teila-kolorea, hilkortasunaren eta hilezkortasunaren uztartzea. Teila-kolorea harri-margoekin bat datorren kolorea da orobat.

Otsoaren posizioa ere esanguratsua da: eskuinetik ezkerrerantz. Orainetik iraganeko begirada ere adieraz dezake.

Hondoan, adierazten dira, modu sotilean, harri-margoen irudi batzuk, iragan urrun eta aldi berean hain hurbil hori oroitarazteko.

Eta atzealdean, zuhaitz hostogabea zeruaren bila, baina irudika dezakete orobat sustraien forma, zuhaitzaren simetria zoragarriaren adierazgarri: lurrerantz, barnerantz, eta gorantz, zerurantz, forma bertsuarekin, irrika bertsuarekin. Guganantz eta ametsetarantz. Iraganerantz bezala etorkizunerantz.

Liburua agurtzeko

Kaosaren ederra

Egilea: Yoseba Peña (1977)
Irudiak: Mikel Mendibil
Orrialde kopurua: 176 or.
Gaiak: distopia, sentimenduen garrantzia, sormena, Internet-
en erabilera, ezagutzaren filosofia, fraktalak…
Prezioa: 15 euro

“Kaosaren ederra” liburuaren sinopsia

Nor arraio da Adam? Ebak ez du ezagutzen, baina aurkezten diotenean sentituko du aspalditik maite duela. Nola liteke, ordea? Ikusten duena erreala da? Nola jakin burmuina gezurretan ari ote zaigun?

Ebari déjà vu txikietan itzuliko zaio memoria, Adamekin izan zuen maitasun-istorioa. Kontuz, baina: norbaitek ez die elkarrekin egoten utzi nahi. Zergatik?

Adamek demostratuko dio talde ezkutu guztiok programatzen gaituela gauero, hurrengo eguneko gidoia zehaztuz eta bizitakoa ahaztaraziz, urte berbera etengabe errepika dezagun. Betiko. Eta gidoi horrek behin eta berriro banatzen ditu Eba eta Adam. “Kaosaren ederra” irakurtzen jarraitu

Maddi eta euskal piratak

Testua: Fernando Morillo
Ilustrazioak: Mikel Mendibil
Maddi eta euskal piratak – 1. edizioa – Gaumin, 2014
120 orrialde, koloretan – 16,5 x 22 cm.
Gaiak: euskal piratak, Euskal Herriko historia, Lapurdi, abentura, lagunak, familia…
Adina: 8-11 urte
Produktu kodea: 978-84-942417-7-2
Prezioa: 13,50 euro

LIBURUAREN HASIERA
LIBURUAREN FITXA PDFn
Audioliburu osoa (doan) nahi izanez gero, idatzi mesedez hona: gauminhontza@gmail.com
IDAZLEAREN WEBGUNEAn informazio gehiago. 
MADDI WIKIPEDIAN

Pirata-barku bat Donibane Lohizuneko portuan! Maddik ezin du sinetsi. Abenturazale amorratua da, aitona Antton bezainbeste.
Altxor bilatzaile batek Laffite kortsarioaren altxorra aurkitu nahi du, baina ai, euskal pirata zahar batzuek ez diote utzi nahi. Maddiren, Harriet neba txikiaren eta aitonaren laguntzarekin, aurre egingo diote bilatzaileari Pellot, Suhigaraitxipi, Laffite, Michel Le Basque eta Destebetxo euskal pirata handiek.
Piraten sekretuak, ihesaldiak barkuan, tiroak eta kanoikadak, itsasertzeko bazter ezkutuak, abordatzeak, borrokak, urrezko altxorra, ezpatak dantzan… eta piraten laguntza kodea.
Pirata izan nahi? “Maddi eta euskal piratak” irakurtzen jarraitu

Maddi eta euskal sorginak

Testua: Fernando Morillo
Ilustrazioak: Mikel Mendibil
Maddi eta euskal sorginak- 1. edizioa – Gaumin, 2015
120 orrialde, koloretan – 16,5 x 22 cm.
GAIAK: euskal sorginak, Euskal Herriko historia, Axular, Lancre, Sara herria, lagunak, familia, abentura.
Adina: 8-11 urte
Prezioa: 13,50 euro

2016an Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Sarian hautagai izan zen. 
LIBURUAREN HASIERA
Audioliburu osoa (doan) jasotzeko, idatzi mesedez hona: gauminhontza@gmail.com

INFORMAZIO GEHIAGO idazlearen webgunean

MADDI WIKIPEDIAN

Sorginak gauean, Sarako lurretan. Ilargia eta izua. Irrintzien oihartzuna. Adi! Norbait dator odol bila.
Pierre Lancre inkisidorearen garaira bidaiatu dute oraingoan Maddik, Harriet neba txikiak eta aitonak. XVII. mende hasieran daude, euskaldun ugari torturatu eta erre zituzteneko garaian. Zorionez, Pedro Agerre Axular idazle aparta lagun izango dute.
Sorginen sekretuak, ihesaldiak gauean, garrasiak eta ezpatak, akerra, su-garra, akelarrea, irrintziak, antzinakoen jakinduria itzela… eta euskal sorginen konjuru boteretsuenak.
Sorgina izan nahi? “Maddi eta euskal sorginak” irakurtzen jarraitu

Zonbia San Mamesen

Idazlea: Fernando Morillo
Adin tartea: 10-12tik aurrera.
Orrialde kopurua: 144, txuri beltzezko irudiekin.
Gaia: umorea, fantasia, adiskidetasuna, gaueko izakiak, beldurra, oztopoak gainditzea, Athletic…
Prezioa: 12,50 euro.

LIBURUAREN HASIERA
INFORMAZIO GEHIAGO hemen, idazlearen webgunean

Liburuaren Irakurketa Gida eta Audioliburu osoa (doan) nahi izanez gero, idatzi mesedez hona: gauminhontza@gmail.com

Inork ez du zonbietan sinesten… bat aurkitzen duen arte. Horixe gertatzen zaie Zoro izeneko gazteari eta haren lagunei. Jauregi zahar baten barruan, zonbi bat ikusi bakarrik ez. Nahi gabe aske ere uzten dute Bilboko kaleetan!
Zorok aitari deitu beharko dio laguntza eske. Baina Zororen aita oso-oso bitxia da, eta erraztasun ikaragarria du dena nahaspilatzeko. Zonbiak Athletic-eko partidu batean amaituko du, hamaikakoan eta arerio baten belarria jaten. Eta mozorro festa baten erdian, «zonbiarena» egiten. Ihesaldi tronpatuak eta bihotzaren dei nahasiak, abentura komiko batean.
Gure mundu honetan Lurralde Ezkutu ugari daude, deabruz eta zonbiz beterik, eta ez zaie umorerik falta! “Zonbia San Mamesen” irakurtzen jarraitu

Marko panpinak trapuzko amets

Egilea: Fernando Morillo
Irudiak: Iban Izagirre
Formatu etzanean egina, 21 x 14,8cm.
80 orrialde, koloretako irudiekin.
Adin tartea: 6-8 urte
Gaia: Neska baten eta panpinatxo bizidun baten arteko harremana.
Prezioa: 12,50 euro.

Marko panpinak trapuzko bihotza du, eta ezker-begia, bihotz-begia. Baina sentitu ezin dituenak sentitzen dituela uste du. Eskuin-begiaren hutsuneagatik ote? Begi horren bila inoizko abenturarik handiena biziko du… eta inoiz pentsatu ez zuen altxor ezkutua aurkituko!

Berezitasunak: Marko panpinarentzat, mundua toki konplexua da. Esate baterako, zaila egiten zaio jelosia edo sentimenduak ondo maneiatzea. Markoren eskutik, irakurle gaztetxoak funtsezko euskarri batzuk bereganatuko ditu: nola egin aurre beldurrari, bakardadeari, ezezagunari edo benetako lagun bat.

Mugatzen gaituzten kateak hobeto ezagutzen eta gainditzen ikasiko du. Markok, eta sentimenduak nola ulertu eta nola aberastu, lagun zahar eta berrien alboan. “Marko panpinak trapuzko amets” irakurtzen jarraitu