Gariren hitzak, Idoiaren hitzak

Adina: 13-14tik aurrera.
96 orrialde.
Gaiak: bizitzaren esanahia eta norberaren pasioa aurkitu nahia eta beharra, maitasuna, nerabezaroko konfliktoak, musika, irudigintza…
Gaumin sormen-etxea, 2018.
Formatu zabala (165 x 240 mm).
Prezioa: 13,50 euro

Sinopsia

Bi eguneroko aldi berean. Bi korapilo, amets eta bilaketa.

Garik barruan daraman marrazkia aurkitu nahi du, bizitza zer den irakatsiko diona.
Idoiak barruan daraman ametsa aurkitu nahi du, bihotza zer den irakatsiko diona.

Bakoitzak bere hitzetan kontatuko du nola bihurtzen zaizkien bideak, nola bizitzak eta, agian, baita bihotzak ere.
Bi aldetatik has zaitezke, irakurle, nahi bezala. Istorioaren bihotzean amaituko duzu, betiere. Bizitzan bezalaxe.

 

Gariren hitzak, Idoiaren hitzak liburuaren nondik norakoa

Liburu berezia: bi hasiera ditu aldi berean, bi azal (edo azal bikoitza).

Aspaldian idatzi nuen haren lehen bertsioa (2004an). Hura ez dago eskuragarri jada. Elea argitaletxean atera zen, eta aspaldi itxi zen zoritxarrez.
Urtero-urtero eskatu izan didate liburua irakurleek, oroitzapen ona utzi zuelako eta zenbait gai interesgarri lantzeko aukera ematen zuelako.

Liburuaren berezitasunik handiena bi hasiera dituela da, protagonista bakoitzarentzat bat.
Bi dira, beraz, protagonista nagusiak: Idoia eta Gari. Bien hitzetan ezagutzen dugu istorio baten bi aurpegiak, eta nola joaten diren harilkatzen, apurka, bide ustez bereiziak.
Errealitatearen aurpegi anizkoitza ulertzeko istorio aproposa(k).

Gazteen munduan oso murgilduta daude pasarteak: musika, margogintza, lagunak, pasioak, nahasmenak, gurasoekin gorabeherak.
Testu bizia eta sentimendu intentsuak islatzen ditu.

 

Edizioa

“Sua piztea baizik” liburuan bezala, metodologia berriak sustatzeko asmoz, edizioan ahalegindu gara txertatzen horietako batzuk.

Han esanak aplikatzen dira hemen ere: bideoak barnean, irudiekin lan berezia, metafora bisual iradokitzaileak …

Azala

Artelan txiki (eta handi) bat da. Margolariak (Marcos Galisteo-k) oso ondo islatzen du istorioaren arima, espreski eginiko marrazkian.

Bi azalek bat egiten dute, testuak barnean bezala, eta horrela jartzean dinamismoa ezarri nahi izan diogu. “Atzeko” azalean Gari dago, marrazten, eta haren marrazkitik sortuz doa Idoia, loreen bitartetik.

Irudiak bikain islatzen du testuan narratzen dena, artea, pasioa, bilaketa, anizkoiztasuna, kolorea eta itxaropena.