gaumin argitaletxea

gauminlogo

ametsarik nahi?

Hiru puntu nagusitan laburbildu daiteke Gauminen asmoa:

1. GAZTEEK EZ OMEN DUTE IRAKURTZEN. Horixe han-hemen sarri entzuten dena. Hala ote? Gure esperientziaren arabera, baieztapen hori OKERRA eta ARRISKUTSUA da:

a. OKERRA. Gazte asko aurkitu ditugu irakurtzeko irrikitan… erdaraz nahiz euskaraz. Zer gertatzen da orduan? Ez gutxitan, gogoz kontra irakurtzen dute: istorioa edo formatua edo gaia edo edizioa... ez zaie erakargarria egiten.

b. ARRISKUTSUA. Bertan goxo egitea da jokabiderik antzuena. Gazteek irakurtzen ez dutenez, zertarako ahalegindu serio heltzen arazo horri? (Ironia, e!).

Irakurleak irabazi nahi baditugu, istorioak harrapatu egin behar ditu. Erakargarria egin behar zaie, gaiagatik, doinuagatik, hurbiltasun edo urruntasunagatik, jolas-mailagatik, forma eta formatuagatik… Paper zuria, linealtasun pasiboa eta interakziorik eza gero eta arrotzagoa zaizkie gazteei. Alferrik da haiei lan bat "ona" dela errepikatzea, iristen ez bazaie.

Horra ba Gauminen ahalegin nagusia: IRAKURLEEK (oro har, jakina, baina batik bat GAZTEEK) LITERATURAZ GOXATZEA, irakurtzea behar gisa ez sentitzea. Jolas gosea eta lilura piztea, irakurleen motibazioa abiatzeko. Ohartu gabe aberasteko eta osatzeko. Hor hasiko dira benetako irakurle bihurtzen. Betiko irakurle.

2. Idazleak, askotan, bere ume gisa sentitzen du liburua. Alde «txiki» bat dago ordea. Normalean beste batzuen esku geratzen dira umea nola garbitu, jantzi, elikatu, eskutik heldu, kalera noiz eta nola atera… Ez gutxitan, gerta liteke idazleak beste era batera egin nahi izatea. Beharbada ez hobea, baina bai desberdina. Ez da erraza izaten. Buru askoren aburuak gutxitan datoz bat. Edo etortzekotan, denbora luuuuuzea joaten da. Horra ere Gauminen beste helburua: idazleak askoz hurbilagotik zaindu ahal izatea bere umea. Profesionalik finenak ere ez duelako mimatuko haurra aitak edo amak adina.

3. Aurrekoari lotua, baina azpimarratzekoa iruditzen zaiguna: egileak, oro har, salmentaren % 10a baizik ez du eramaten, eta normalean askoz geroago (urtebete edo gehiago erraz). Hori ere aldatu nahi genuke. Egileari ahalik eta duinen eskaini nahi genioke bere lanaren fruitua. Fruitu hobexea eta epe laburragoan. Artista izan arren, langile ere badelako: idaztea du ogibide.

piecolor

Diseinua: Cristina González
2011 Gaumin S.L. gaumin@gaumin.com