Santiago Bidearen misterioa

Idazlea: Fernando Morillo
Adin tartea: 14tik aurrera
Orrialde kopurua: 80
Gaia: Santiago Bidea, adiskidetasuna, oztopoak gainditzea…
Prezioa: 11,80 euro

LIBURUAREN FITXA
LIBURUAREN HASIERA
INFORMAZIO GEHIAGO hemen, idazlearen webgunean
Liburuaren Irakurketa Gida eta Audioliburua doan lortzeko, eskatu mesedez hona: gauminhontza@gmail.com

Sinopsia (Irakurketa Erraza formatuan)

Diotenez, Santiago Bideak magia egin dezake ibiltari bakoitzaren baitan.
Ulises marinel zaharra da.
Bere itsasontzia hondoratu zenean,
bera bakarrik atera zen bizirik,
eta beldurra hartu zion bizitzari.
Kemen, berriz, mutil gaztea eta irribarretsua da.
Itxuraz, ezin zoriontsuagoa,
bizitzaz eta bere neska-lagunaz maitemindua.
Biak elkartuko dira Santiago Bidean,
bakoitzak duen promesa sekretua betetzeko asmoz.

Zer aurkituko du irakurleak Santiago Bidearen misterioa liburuan?

Batzuetan, istorioak ez dituzu imajinatu behar: haiek etortzen dira zuregana, ia oihu basatika. Orain urte gutxi, Santoñan pasieran nintzela, motxila erraldoidun gizon edadetu bat ezagutu nuen. Marinel zaharra zela kontatu zidan, eta Norvegiako itsasoan zebilela bere itsasontzia hondoratu egin zela. Bera izan zen birizik atera zen bakarra, oso gaizki atera ere. Sekula ibiliko ez zela esan zioten medikuek. Baina berak borroka egin, urteetan. Eta ibili. Haren ondoren eta ondorioz, munduan zehar zebilen marinela, bide sakratu guztiak ibiltzen. Nik topatu nuenean Santiago Bidean zen, auskalogarrenez. Ehun mila kilometrotik gora zeramatzan hankatan eta bihotzean. Bai historia ederra!!
Hari horri bigarren bat eransteko orduan ere, errealitatea etorri zitzaidan ate joka. Mutil gazte baten azken Santiago Bideari buruzkoa. Baina hori ez det hemen kontatu nahi, irakurleari ezustea ez zapuzteko eta berak lehenbizikoz aurki dezan liburuan, hala nahi badu. Aurrekoa bezain bizipen zirraragarria dela aitor dezaket soilik. Motibatzailea eta indargarria zeharo.
Benetako bi historia, beraz, nire barruko haur istorio-goseak egokitu dituenak. Pertsonaiak eta garrantzitsuena errealitatetik hartuak diren arren (haiei hortaz dagozkien loreak), neuk asmatua da gainerako hezurdura.
Gizon baten borroka latza aurkituko duzue, bizitza berreskuratzeko ahalegin ausarta, barne-beldurrik madarikatuenak gainditzen saiatzeko. Eta gazte baten bestelako borroka bat… borroka bera dena azken batean. Zure eta bion eta guztion borroka.

Zer da Irakurketa Erraza formatua?

Santiago Bidearen misterioa Irakurketa Errazaren formatuan idatzita dago. Zer da, zehatz-mehatz, Irakurketa Erraza? Hona bi hitzetan: irakurtzeko edota ulertzeko arazoak dituzten pertsonei zuzendutako testuak, ikus-entzunezkoak eta multimedia material egokituak.

Gizartearen hainbat sektoretako hiritarrak dira irakurketa-ulermen arazoak dituztenak: etorkinak, dislexiadunak, alfabetatu gabeak, adindunak… Gabezia horrek baztertu egiten ditu, informazioan eta ezagutzan ardazturiko gizartea baita gurea. Koska horri aurre egitea da IEren asmoa. 1997an IFLAk (Liburutegi Elkarte eta Erakundeen Nazioarteko Federazioak) argitaratutako nazioarteko ildo batzuek zehazten dituzte IEko testuek eta bestelako materialek bete beharreko oinarrizko arauak.

Irakurketa arazo horiek bi talde nagusitan bana daitezke. Batetik, behin betiko irakurketa-arazoak ditugu: gutxitu psikiko edo sentsorialak, arazo neuropsikologikoak dituztenak, adindunak eta pertsona senilak… Bestetik, aldi baterako irakurketa-arazoak daude: etorkinak eta hizkuntza ikasleak, pertsona analfabetoak edota hezkuntzan desabantaila dutenak, alfabetizazio prozesuan daudenak, eskola-curriculumera egokitzeko arazoak dituzten edota eskoleratze arazoak dituzten nerabeak…

IFLAren arauen arabera prestaturiko testuak tresna bereziki baliogarriak dira irakurtzearen plazera lortzen edo berreskuperatzen laguntzeko eta gizartetik baztertuak ez sentiarazteko. Izan ere, informaziorako sarbidea ukatzen diete hainbati gaur egungo egiturek.

Kataluniako Associació Lectura Fàcilek hamar urte daramatza IEko materialak sustatzen. Azken hamar urteotan 100 titulutik gora argitaratu dira katalanez, eta hainbat izan dira gazteleraz ere. Elkarte horren esperientziaren arabera, katalana ikasteko prozesuan diren milaka herritarren irakurketa-zailtasunak direla medio, IEko materialak erabiltzen dituzte usu. Eta berebiziko arrakasta izan dute, hizkuntza bat ikasteko orduan, liburu sakonen eta haur literaturaren artean askok falta zuten harmailatxoa bihurtu direlako lan samurrago horiek.

Prentsa dosierra

Antxeta Irratia, 2014-5-7

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude