Meditazio ipuinak (haurrentzat eta gazteentzat)

Egileak: Fernando Morillo eta Susana Sancho
Adina: 7tik aurrera (haurrentzat) eta 11-12tik aurrera (gazteentzat).
64 orrialde.
Gaiak: meditatzeko ipuinak, jolas-ipuinak, sormena, emozioak, sentimenduak.
Gaumin sormen-etxea, 2018.
Formatu zabala (165 x 240 mm).
Prezioa: 13,50 euro

Sinopsia

Eta sormen-atseden txiki bat hartuko bagenu? Eta geure buruarekin jolastuko bagina, barru-aberasten garen bitartean?

Fernandok eta Susanak 20 urte pasa daramatzate eskolaren unibertso zoragarrian. Idazle eta hizlari gisa lehenak, irakasle gisa bigarrenak. Ikasleekin hezkuntzaren magia erein nahian betiere.
Gehiegitan entzundakoa, guraso nahiz irakasleei: “ze zaila zaien gazteei testuei, irakasgaiari, ia edozeri arreta jartzea!”
Estresatuta gaude, gazteak bezala helduok. Nahasita, urduri.

Gazteekin bizitako hainbat esperientzia ardatz, zenbait ipuin berezi eskaintzen dira liburu honetan. Meditazio ipuinak dira. Laburrak. Barrura egiteko erabil ditzakegunak.
Klasean edo etxean irakur daitezke, ozen edo norberak isilean, edota ipuinen audioa entzun (ikus barruan). Ipuinen jarraian, haietan sakontzeko sormen-dinamika batzuk proposatzen dira. Taldean egin daitezke edo bakarka haiek ere.

Ez dago magia handiagorik “behin bazen…” hitzena baino. Demagun gu garela behin bazirenak, berriro izan gintezkeenak. Murgil gaitezen hitzen eta jolasaren magian.

Azalpen apurrak: ipuinak eta ipuin-jolasak

Hauxe litzateke Irakurketa Errazaren mundua zabaltzeko pentsatu dugun formatuetako bat, hainbat irakaslerekin solasean aritu ondoren. Irakurketa Errazaren formatuan ateratzea pentsatzen genuen liburuaren ordez dugun lanetako bat da.

Ipuin bereziez osatzen da liburua. Ipuinak, berez, meditazio gidatuak egiteko pentsatuak baitaude. Audioak eskura izango dira, irakasle, guraso edota irakurleek beraiek behar izanez gero erabiltzeko (doan izango dute).

Irakasleekin ikasitakotik, berezitasun gehiago eranstea pentsatu genuen, testuetan hobeto barrentzeko, ipuinak oso bestela eta askoz sakonago ulertzeko, eta areago, haietan “sartzeko”. Ipuin-jolasak gehitu ditugu helburu horrekin. Ipuinak irakurri ez ezik, bizi ere bizi behar dituzte irakurle (batez ere) gazteek! Hori ikusten zuten irakasleek faltan.

Susana Sancho da liburuaren egileetako bat. Irakasle dabil azken 20 urtean, eta etengabe aritu da hezkuntza hobetu nahian eta esperimentatzeko irrikaz (zentzurik onenean esanda, noski). Emaitza ere nabarmen ona da ikasleekin. Zeukan esperientzia eta jakinduria xuxurlatzeko eskatu genion, eta hauxe emaitza.

Arretarik eta lasaitasunik eza

Horiek dira gure gazteen (eta ai, helduon) ezaugarri nagusia gaur egun: arretarik eta lasaitasunik eza. Eta horrek arazo latzak dakartza hezkuntzaren esparru guztietan.

Horregatik sortu ditugu bi liburu hauek, haurrentzat eta gazteentzat. Ipuin horien bitartez, eta ipuin horiek esperimentatzeko jolas-ipuinen bitartez, gazteek bestelako behar batzuk lantzeko: sormena, emozioen oreka, (auto)komunikazioa, talde lana eta kohesioa, autoestimua, erresilientzia, ezinari eta lotsari aurre, bakarkako nahiz taldeko adierazpena…

Helburua: norberarengana eta besteengana hobeto iristeko ahalegina, irakurtzen gozatzen “ikasten” duten bitartean.

Halako sormen-lanen emaitza oso ona izan da irakurle gazteekin (errepikatzen dugu, merezi du eta: emaitza OSO ONA da). Horregatik eskatzen zizkiguten etengabe halako testu-ipuin eta jolas-ipuinak. Ba, azkenean ere, hementxe.

Horra, beraz, ahalegina eta asmoa: Irakurketa Errazaren aurretik beharko genukeen Irakurketaren Bihotza. Geure izanaren mamia, azken batean.

Hona hemen azalpen xeheagoak, liburutik hartuak:

Hitzaurrea

Pentsatu segundo batez zein diren ezagutzen ditugun hitzik boteretsuenak. Gure proposamena, hauxe: “Behin bazen”. Istorio onek sortzen dute gugan, betidanik, arretarik handiena. Geratu datu horrekin, gero itzuliko gara eta.
20 urtetik gora daramatzagu gazteen artean, hezkuntzaren bideak jorratzen. Zer aurkitu dugu? Besteak beste, nabarmen, estresa eta arretarik eza. Noiznahi, haur izan nahiz heldu.

Hainbeste betebehar! Beharbada tirabirak etxean edo lagunekin. Beharbada mina, jazarpena, gaixotasuna, gaizki-ulertuak edo gutxiespenak. Beharbada nork bere burua (edo munduaren zergatiak) ezagutzeko beharra eta desira. Nolakoa naiz? Nor naiz? Nola bizi bizien? Askeen?

Gure kezka nagusiak? Gertatutakoa eta gertatu litekeena. Hemen ez duguna, orain ez garena. Joandakoa ezin aldatu, ordea, eta etorri ez dena… batek daki nola hurbilduko zaigun.

Irakurketa bultzatzen laguntzeko eskatu digute urte askoan. Denborarekin ulertu dugu irakurketa bultzatzea fisika, gimnasia edo euskara bultzatzea bezal-bezalakoa dela. Edozer ikasgai pasio bihurtu nahi dugu? Bizikidetza hobetu? Ados. Hona zenbait irakasle saiatuk xuxurlatu diguten sekretua: zeinahi hezkuntza-estrategiaren aurretik, lehenbizi arreta eta kontzentrazioa hartu behar jomuga. Gainerako guztia berez etorriko da ondoren!

Eta orduan gure bizitzako hitzik boteretsuenak oroitu ditugu berriro: “Behin bazen”. Eta, gazteekin izandako hainbat esperientzia ardatz, ohartzen gara bi superbotere uztartzeko aukera zoragarria dugula: istorioaren xarma eta meditazioaren nolabaiteko ipuin-bizipena. Orain eta hemen lantzeko. Gu geu lantzeko.

Hona, ba, gu geu izatearen magia lortzen saiatzeko gure ahalegin txikia.

On egin!

Susana Sancho eta Fernando Morillo

Labur-azalpenak

Kapitulu bakoitzak bi zati ditu: meditazio-ipuina lehenbizi, eta ipuin-jolasa(k) jarraian.

Erabateko askatasuna duzue erabakitzeko zer nahiago duzuen: meditazio-ipuin bakoitza irakurtzeko, norberak irakurri dezake (ozen edo isilean) edo beste norbaitek talde batentzat ozen irakurria (familian, klasean).

Jarraian diren “ipuin-jolasak” jolasak dira… eta baita gehiago ere: ipuinaren meditazio-proposamena sakontzeko aproposak dira, zenbait sentimendu, emozio edo barne-korapilo lantzen eta askatzen laguntzeko. Norbera sakontzeko, ia oharkabean. Taldeak kohesionatzeko ere balio dezakete ez gutxitan.

Liburua nahi bezala irakur daiteke: lehenbizi meditazio-ipuinak edo ipuin-jolasak bakarrik, edo, noski, kapituluak banan-banan hartuta, bereziki interesatzen zaizun gai jakin bat hartuta (esate baterako, “beldurra”), eta kapitulu horra joz zuzenean, ipuina eta jolas-ipuinak praktikatzeko.

Bideoak eta audioak nola

Sarritan eskatu dizkigute halako meditazio-ipuinen audioak euskaraz, gutxi omen direlako. Hona hemen, ba. Saiatu gara, aldi berean, liburuaren filosofiari heltzen: sinpletasuna. Sinplearen ederrari eta indarrari eutsi nahi izan diogu.

Audioak proposamenak dira, egiazki. Gero, norberak bereak egin ditzake, nahi dituen aldaerekin. Gurasoak izanda zeuen haurrei irakurrita (eta osatuak), edo lagun-taldean, edota, noski, klasean irakasle (edo ikasle) baten ahotsetik. Hala izanez gero, bi aholku txiki baino ez: saiatu astiro irakurtzen eta txukun entonaturik. Beno, eta hirugarren aholkutxo bat: jarri bihotza istorioan, entzuleengan. Eta kitto. Nahikoa eta sobera horrekin.

Bideoak ere gehitu ditugu, azalpentxo batzuk gehitzeko, edota aurreraxeago agian esperientziak jasotzeko. Apurka, bideoak ugaritzen ahaleginduko gara, beharra ikusiz gero.

Jarraibideak bi hitzetan

Audioa erabili edo beste norbaitek irakurri behar izanez gero, prestatu gozoan entzuteko. Arropa erosoak jantzi. Gerrikorik izatekotan askatu, galtzerdi esturik izanez gero, erantzi edo aldatu. Oinetakoak ere, ahal bada, erantzi.

Telebista, telefonoa eta halakoak mututu. Musika nahi izanez gero, musika beti izan baitaiteke positiboa, lasaia hautatu, ahotsik gabea hobe.

Meditatzean soinurik iristen bazaizu, ez kezkatu, eta batez ere jarraitu: klaxona edo txakur baten zaunka bizitzaren zati dira. Izan daitezela zure barne-bidaiaren lagun ere, hala egokituz gero. Horrek lagundu baino ez zaitu egingo. Giro freskoa badago, manta batez estali zaitezke.

Ondoren, utzi irudimenari lekua. Zabaldu haren hegoak.

Edizioa

Ahal bezain landua eta berezitua egiten saiatu gara.
Web-orrialde honetan bertan dituzue adibide batzuk, irudietan.

Istorioak maila desberdin eta ikusgarrietan banatuta daude. Irudiak egoki txertatuak testuari, eta hura osatzen.
Sartzen dira, halaber, bideoek loturak tarteka, QR karratutxoen bitartez.

Azala (haurrentzat)

Errepikatzen den elementua jarri dugu, akuarelaz eginiko zirkulutxoekin. Haurren pentsamenduak, ideiak, ametsak… sinbolizatzen dituzte, kolore desberdinetan. Liburuaren barruan azaltzen diren jolas-ipuinekin bat datoz. Lasaitzeko burbuilekin meditatzen ikasten da, esate baterako, ipuin baten baitan.

Atzean, tximeletak azaltzen dira (beldar izatetik bidearen latza egina jada) eta landare gazteak, hazia erein ondoren datorren indar berria.

Azalean tonu lasaia eskaintzea erabaki dugu, barrua askoz txinpartatsuagoa bada ere. izan behar genukeen gizakiaren eredua: bihotza ideiez eta sormenaz beterik, eta azala bare.

Azala (gazteentzat)

Kasu honetan ere errepikatzen den elementua jarri dugu. Oraingoan ez dira esferak. Oraingoan gehiago dira malko, edo ateratzen dabiltzan ametsak.

Osotasunean aztertuz gero, ordea, malkoek lorea osatzen dute. Eta lore-hostoak badoaz ugaltzen eta irismena areagotzen, mundua hobeto ezagutu ahala, esperientziak bereganatu ahala. Horregatik ditugu orain norabide gehiago… eta zentro garrantzitsua.

Atzealdean, lore itxura hartzen doazen formak. Barruko edertasunaren alegoria.