Sua piztea baizik (hegorik gabeko txoria)

Adina: 13-14tik aurrera.
112 orrialde.
Gaiak: hezkuntza, ikastea eta irakastea, laguntasuna, depresio endogenoa, adimen anizkoitzak, norbera aurkitzea, pasioa.
Gaumin sormen-etxea, 2018.
Formatu zabala (165 x 240 mm).
Prezioa: 13,50 euro

Sinopsia

“Hezkuntza ez da ontzi bat betetzea, sua piztea baizik” (W. B. Yeats)

Ermua: mendiek besarkaturiko herria.
Miren, Hodei eta Ismene: hiru lagun. Oraindik elkarrekiko sentimenduak onartu nahi ez, baina ikastetik gertu.
Ispilu misteriotsua: antzinako mago erreal batena, eta beharbada benetan nor zaren erakutsi ahal dizuna.
Izaskun: hezkuntza eraldatu nahi lukeen irakaslea. Nekatua eta gainezkatua, baina dena emateko prest ikasle-irakasleen txinpartak berpizteko.
Hegorik gabeko txoria: Mirenek aurkitu du kalean, eta hala ikusten du bere burua. Hautsia, desilusionatua. Ez du etxetik atera nahi.

Hodeik eta Ismenek denetik biziko dute Mirenen hegoak sendatzearren: lapurretak, borrokak, atxiloketak, sua, izua eta lilura. Izaskunen laguntzarekin, beraien bizitzako abentura biziko dute… ikastetxea iraultzen duten bitartean.

Sua piztea baizik: liburuaren nondik norakoa

Hauxe da Gaumin sormen-etxearen apusturik handienetakoa, ez baita inola ere mugatzen istorio izatera. Hezkuntzaren munduari begira dago erabat eta, gure txikian, harentzat laguntza moduan egina da.
Liburuak oso bestelako hariak ditu, batzuk erakargarritasunari begira (ezinbestekoa gazteak harrapatzeko), baina horien azpikoak dira inportanteagoak. Eta haietako bat, beharbada, dagoen (edo beharko lukeen) inportanteena: hezkuntza.

Protagonista gaztetako bat (Miren) triste dabil. Ez dakien arren, depresio endogenoa deritzona du: arrazoi zehatzik gabeko tristura lazgarria. Gero eta zabalduago dago gazteen… eta beste guztion artean ere. Mirenek hegorik gabeko txolarrea aurkitzen du hasieran, eta halakotzat hartzen du bere burua: hegorik gabeko txori gisa.
Depresio horri aurre egiteko, haren bi lagun (Hodei eta Ismene) jo eta su arituko dira, laguna tristura madarikatu horretatik ateratzeko.

Bitartean, ikastetxeko zuzendari berria (Izaskun) hezkuntza eraldatu nahian dabil. Eta metodologia zaharrak eta berriak erabili nahi ditu, hezkuntza berez behar lukeena bihurtzeko: norbera eta mundua ondoen ezagutzeko tresna. Yeats poetaren esaldia dakar Izaskun pertsonaiak: “hezkuntza ez da ontzi bat betetzea, sua piztea baizik”. Esaldi horrek ematen dio izenburu liburuari ere.
Eta horrela, abenturaren baitan eta haren aitzakian, metodologia eta jarduera interesgarri batzuk planteatzen dira, zenbait eskolatan aurrera eramaten saiatzen ari direnak.

Liburua Ermua herrian kokatua da, eta herriko hainbat pasadizo, gune eta pertsonaia interesgarri azaltzen dira argazkien bitartez edota testuan, istorioa osatzeko: Lobiano Jauregia, Ongarai auzoa, Ermua azpitik zeharkatzen duen tunela, Ermua BHI institutua, Santiago Eliza, Teodoro Zuazua…

Edizioa

Metodologia berriak sustatzeko asmoz, edizioan ahalegindu gara txertatzen horietako batzuk.
Materialari dagokionez, orain arte “ohikoak” direnak Gauminen: bideoak eta irudiak.

Bideoei dagokienez, ikasleenak ere txertatuko ditugu apurka, liburua zabaldu ahala. Hasteko, bada liburuan bertan ikasle batek inprobisatutako dantza, protagonista balitz bezala egina. Zirraragarria da halako emaitzak izatea.
Hezkuntzarentzat interesgarriak izan daitezkeen bestelako bideo batzuk ere txertatu dira, guk zuzenean sortu ez arren.

Esate baterako, “Tximeletaren zirkua” laburmetraia, Youtuben ikusgai dagoena euskarazko azpitituluak eta guzti. Nobelaren zati bihurtu dugu hari buruzko informazioa, irakasleek erabiltzeko aukera errazagoa izateko.

Liburuko irudiekin ere zerbait berezia egiten saiatu gara. Esate baterako, gorputz mugimenduak proposatzen zirenetan, siluetak erantsi ditugu, haiek hobeto ulertzeko. Edo lekuak aipatzean (eraikinak, objektuak, kontzeptuen metaforak ere), haien argazkiak erakusten dira, irudimena askatzen laguntzeko. Betiere jakinda gazteentzako nobela zela, eta haien esperientzia aberasteko asmoz.

Liburutik bertatik aterata:

Inkomunikazio komunikatuaren garaia

Hezkuntzaren mundua da dugun inportanteenetarikoa. Eta badugu zer pentsatua eta zer eraldatua, eta bizkor samar gainera.
Urte asko dira ikastetxeen gelak nabigatzen. Apurka, sentsazio bitxia: ikasleak eta irakasleak nekatzen ari direla. Borrokan eta ahalegin etengabean, baina tarteka etsitzen. Tristura edota depresioa ere garatuegi dago jadanik. Hori zen nobelaren gaitako bat.
Baina hari nagusia, ezinbestean, kontrakoa da: horri nola egin diezaiokegun aurre. Nola piztu dezakegun hezkuntza. Alegia, bizitza. Nola lortu dezakegun ikasleak, irakasleak eta gurasoak harro eta pozik sentitzea eskolaz. Geure buruaz.
Hainbat irakaslek oparitu dizkidate urteetan ideiak eta proposamenak, hezkuntzaz eta bizitzaz. Hona hemen haiek erakutsitakoa (era)berritzen laguntzeko txinpartatxoa. Poetak dioen moduan, ez ontzia betetzeko, sua pizteko baizik.

Su on!

Pertsonaiak

Kokapena

Azala

Azalaren elementu bakoitza majo hausnartua dago, eta lan handia dago haren atzean.
Protagonista bera ikusten da azalaren erdian, neska gaztea. Begiak ez dizkiogu ikusten, estalita bezala ditu. Ez du ikusten, edo ez du ikusi nahi. Zerbait falta zaio. Edo, agian, ez du kanpora begiratu nahi, barnera baizik. Hantxe aurki dezake, beharbada, oraindik ez dakien hura eta aska dezakeena.
Neskaren atzeko lerroek hostoz gain, sua ere irudikatzen dute (hezkuntzaren sua, bizitzaren sua, izenburuaren sua: Sua piztea baizik)
Arrosa ilean (ametsa, bizitzeko desira).
Txolarrea, hegoak itxita hasieran. Neskaren bidaidea eta konpainia. Biek dituzte hegoak zaurituta.
Txolarrearen azpian, hego formadun hostoak (haiek bai, hego irekiak, askatasunaren alegoria), eta inguruan basa-loreak (opariak, aukerak, esperientziak) eta formak akuarela estiloan, eta konposizio osoa estu besarkatzen.
Neska gaztearen atzean, espazio biribila, narrazioan azaltzen den ispilua gogoratzen duena, iritsiko zaion argia islatzen.
Hondoa krema, testura apur batekin.

Azalaren diseinua: Estudio de diseño gráfico LinaLimón
linalimon.com
Sarai Cabanillas & Cristina Granda