Ixtebe Pellot azken kortsarioa

Ixtebe Pellot azken kortsarioa

Duela bi urte, Maddi eta euskal piratak idatzi nuen. Han, zenbait euskal pirata historikoren gorabeherak kontatu nituen, Maddiren ikuspegitik (eta Mikel Mendibil marrazkilariaren irudiekin). Euskal pirata (edo kortsario) haien pasadizoak eta bizitzak ikertzean, oso erakargarriak egin zitzaizkidan. Haietako bakoitzak liburu mardul oso bat mereziko luke!

Orain aukera izan dut Hendaiako Ixtebe Pellot kortsario handiaren bizitza nobelatzeko. Irakurketa Erraza formatuan idatzita dago (Irakurketa Erraza zer den jakin nahi baduzue, hemen dago informazio zabalagoa).

Pellotek sekulako abenturak bizi izan zituen. 13 urterekin joan zen etxetik, soldadu batzuekin. Hendaiarra izanik, berehala entzun zuen, ozen entzun ere, itsasoaren tentazioa. Eta kortsario hasi zen oso gaztetatik. Hamaika itsas-borroka izan zituen. Egundoko ausardia zuen, egundoko saltoak egiten zituen (Napoleon bera harritu zuen saltoka), eta ia-ia beti zegoen umore onez. Borroka ugari irabazi arren, galdu ere galdu zituen batzuk. Eta atxilotu egiten zuten. Eta horiexetan erakusten zuen Pellotek bere izaeraren distira handia. Behin eta berriro egiten zuen ihes, modu sinesgaitzetan gainera. “Euskal azeria” esan zioten, azeria bezain bizia eta harrapa-zaila zelako.

Liburu honetan aurkituko dituzue Pelloten abenturatako asko. Bere umorearen adibide ugari. Eta bere nobleziarena. Lagunen lagun aparta, etsaiak ere lagun bihurtzeko moduko gizona izan zen.

On egin!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude