Yoseba Peñaren “Kaosaren ederra”

Yoseba Peña idazleak bere azken liburua ekarri digu, labetik atera berri-berria!

Liburu desberdina. Hona hemen sinopsia:

Nor arraio da Adam? Ebak ez du ezagutzen, baina aurkezten diotenean sentituko du aspalditik maite duela. Nola liteke, ordea? Ikusten duena erreala da? Nola jakin burmuina gezurretan ari ote zaigun?
Ebari déjà vu txikietan itzuliko zaio memoria, Adamekin izan zuen maitasun-istorioa. Kontuz, baina: norbaitek ez die elkarrekin egoten utzi nahi. Zergatik?
Adamek demostratuko dio talde ezkutu guztiok programatzen gaituela gauero, hurrengo eguneko gidoia zehaztuz eta bizitakoa ahaztaraziz, urte berbera etengabe errepika dezagun. Betiko. Eta gidoi horrek behin eta berriro banatzen ditu Eba eta Adam.
Arma bakarra daukate mundua kontrolatzen dutenen kontra: sentimendua. Maitasuna, baina, oroitzapenei loturik dago eta, haiek ezabatuta, nola maitatu?

Istorioaz

Sortzaileen artean, filosofoen artean bezala, gai errepikatua izaten da errealitatearen funtsa. Azken hamarkadetako obra ugarik izan dute hizpide buruhauste hori, eta gutako gehienon irudimenean errotu dira haien proposamenak. Errealitate paraleloak izan ohi dira, egunerokotasun orokorra (edo) kontrolpean izateko: Matrix filmak, George Orwell-en 1984 liburua edo Burgess/Kubrick-en A Clockwork Orange liburu/filma. Obra horiek guztiak, besteak beste, gurutzatzen dira etengabe Yoseba Peñaren Kaosaren ederra liburuan. Kaosaren izana, gizakion mamia, askatasunaren nondik norakoa.

Gaiari heltzeko modua nazioartean zabaldu da azken urteotan (“Gose jokoak” liburua adierazgarri, besteak beste), ingelesez “young-adult fiction” deritzen etiketarekin. Alegia, gazte eta helduen arteko mugan dabiltzanontzat fikzio iradokitzailea. Eta erakargarria. Euskaraz, ordea, ez da askotan jorratu bide horixe.

 

 

“Kaosaren ederra” liburuko protagonistak beraien Itakaren bila arituko dira, direna edo izan litezkeena ulertu nahian. Bilaketa horretan, Odiseoren antzera, denetariko oztopoak aurkituko dituzte. Ezinbestean. Itakara ezin delako zuzenean iritsi, kaosaren ederrak osatzen baitu. Horixe da kezkagune Yoseba Peñaren liburuan. Protagonisten bitartez geure errealitate aukerak berpentsatzeko aitzakia aproposa.

 

Berezitasunak

Azaldutakoez gain, aipagarria da orriotan azaltzen diren komiki-zatiak, testuaren narrazioa osatzen dutenak. Mikel Mendibil marrazkilariak egin ditu. Liburuaren azal bikaina ere Mikelen lana da.

Yoseba Peña idazlearen biografia

Informatikan doktorea eta antropologoa, irakasle dihardu. Sodupen (Bizkaia) jaio zen 1977an, baina Zarautzen errotu da (Gipuzkoan). Lehenago, Southamptonen (Ingalaterran) eta Vienan (Austria) ere bizi izan da. Gazteentzako eta helduentzako nobelagintza jorratu du honako obra hauetan: Hodeien adorea (Susa, 2012), Kilimanjaroko diamantea (Ibaizabal, 2013), Baloiak arboletan (Ibaizabal, 2016) eta Xirei (Ibaizabal, 2016).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude