Beld-Haurrak masajeatzeko poemak

Liburuaren izenburua: Beld-Haurrak masajeatzeko poemak.
Egileak: Susana Sancho eta Marta Sancho.
Orrialde kopurua: 92 (formatu handian: 240×170 mm).
Gaumin Argitaletxea (2020).
Salneurria: 13,50 euro.

Irakurtzeko eta sentitzeko liburua duzu hau. Laztanak, poesia, maitasuna, irribarrea, musika edota jolasa izango dira eskaintza eta beldurren masaje-emaileak, norberak duen barne-haurrari edota alboan duzunari.

Hauxe ez da masaje terapeutikoen gida. Hitzen eta eskuen fereken joan-etorrian murgilduko zara, giro intimo eta maitagarrian. Eskuak bezain leunak izan baitaitezke hitzak ere. Zeuk aukeratu unean-unean.

Gau-mamuak, bazterkeria, teknologia-kalteak, bakardadea… Egoera “natural” horien aurreko antidotoa eta errezeta erraza da (“errazeta”, alegia): geure burua eta besteak mimatu, eta ingurukoei mima gaitzaten uztea.

Haurrak eta beldurrak masajeatzeko poemak. Barne-korapiloak askatzeko proposamena, geure baitan dugun haurrari ere ia ahazturiko opariak berreskuratzeko gonbita.

Masajeak poemen bitartez, poemak masajeen bitartez. Norberari, besteari. Denak zilegi. Zeure esku.

Liburu hau irakurtzeko eta sentitzeko liburua da. Nahi gabe hitzen eta eskuen fereken joan-etorrian murgilduko zara, giro intimo eta maitagarrian. Eskuak bezain leunak izan daitezke hitzak. Zuk aukeratuko duzu: ipuinak ala masajeak. Edo biak batera. Unean-unean. Eta ipuina? Masajea eman baino lehen, bitartean, edo gero irakur daiteke ipuina. Zeure esku. Besteen esku.

Biek irekiko dizute arima, hitzek zein laztanek.

Ipuina zuk zeuk irakurri, nahi izanez gero, edo gogoko beste norbaitek irakur diezazuke.

Ume samur eta sentikor baten ahotsa sumatuko duzu ipuinetan. Ume bat eta haren unibertsoa: familia, eskola, lagunak… Samurtasunez gaindi batzuetan, tristuraz eta nostalgiaz gaindi beste hainbatetan; hausnarketan nahiz hurbilekoekin interakzioan, istorioaren arabera.

Masaje-gaiak, gure barneko umean baitan sor daitezkeen kezkak, edo emozioak beraiek: gaueko mamuak, kasketaldiak eta ezinegonak, bazterkeria, ikasteko zailtasuna, teknologiaren kalteak, bakardadea, heriotzari beldurra…

Egoera natural horien aurreko antidotoa da liburu hau, eta errezeta oso erraza da (“errazeta”, alegia): geure burua mimatu eta ingurukoek mima gaitzaten uztea. Horrela, irribarrea, besarkada, laguntasuna, enpatia, elkar ulertzea, barruko indarra, familia eta lagunen laguntza… eta FEREKAK izango dira beldurren masaje-emaileak.

Berdin da sentimendu gozoak edo tristeak azaleratzen diren, azalaren “oratzailea” maite zaituen hori bada.

Maite zaituztenei egindako omenaldia ere bada liburu hau.

Hizkuntza freskoa eta zuzena eskaintzen ahalegindu gara, zeuri zuzendua, horrela agintzen duelako liburuaren egitasmoak. Hots, ipuinak zein masajeak sentitzea eta sentiaraztea, geure umearen eta besteenaren ahotsa azalean ere irakur baitaiteke. Ez al da hori gure beldurrak “ikaratzeko” modurik onena?

MASAJE-AURREA

Masajea emateak, edo jasotzeak, ondokoa zaintzeko eta mimatzeko aukera ematen du. Masaje sinpleak baina eraginkorrak proposatzen ditugu maite dituzunei opari bat egiteko.

Hau ez da masaje terapeutikoen gida bat.

Ferekak, poesia, irudimena, maitasuna, musika, jolasa izango dira opari. Ezin izango diozu inori min egin.

Masajeak, poesia eta arnasketarekin batera, zeure barruan sartzeko aukera emango dizu; are gehiago, zeure beldur batzuekin egingo duzu topo, eta beraiei aurrez aurre begiratuko diezu, baita besteon laguntzaz haiek arindu ere, masajea besteokin partekatzeko eta komunikatzeko modua baita, azala kanpokoa eta barrukoa komunikatzeko kodea baita.

Hiru ataletan banatu dugu liburua:

  1. Gorputz-atalak mimatzen.
  2. Neure burua mimatzen.
  3. Maite ditudanak mimatzen.

ZATOZ

Zatoz, errenditu zaitez, eta imajinatu
zure gorputza haizeak kulunkatzen duen
kotoizko hodeia dela.

Demagun zure gorputz zamatua une batez samurtzen dela
eta nire atzamarrak zelaian pausatzen diren txori jostariak direla.

Entzun ditzakezu txoriak? Haizearen brisaren laztana sentitzen al duzu?

Ez izan beldurrik!
Zure biluzia eta nirea kilimekin jantziko ditugu eztiki
azalaren hizkuntzak hitzen borborra ezeztatzen baitu askotan.

Zatoz, eta utzidazu zure erraietan sartzen
bizitzaren hutsuneak bete nahian ibiltzea nekagarria baita.

Etzan zaitez, eta utzi nire esku beroei
zure gorputza oratzen.
Fereken zizelkaria naiz ni;
eta zu, izan nahi duzun artelana.

Zatoz eta kontadazu arima zimurtzen dizun hori,
loa galarazten dizuna.
Erakutsi zure nekeak eta minak,
eta nik gonbidatuko ditut zugandik urruntzera.

Utzidazu zure gorputza,
zure arima ere uki dezadan,
nire idazmahaia zure bizkarra izango da,
eta beteko diren ametsak margotuko dizkizut bertan.

Hariak sor ditzagun haragiaren kodean,
senti dezagun esentzia beraren parte garela,
bidea partekatzen dugun erromes grinatsuak baikara.

Errenditu zaitez,
zure penak
oliozko uhinetan desegingo dira.

Korapiloen etsairik amorratuena
ematen den maitasuna da.

Zatoz, eta zure beldurrak masajeatuko ditugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude