Klasean jazarpenaz (bullying-az) hitz egiteko modu bat

Jazarpena gai zaila bezain ezinbestekoa da eskolatan aztertzeko. Gaumin sormen-etxean badira horren inguruko liburu batzuk. Horretaz zuzen-zuzenean, hauxe: Zauri ezkutuak, bullying-a eskolan. Besteren batek ere bazterketa du hizpide nagusietako bat: Izuaren Pasabidea liburuak.

Hemen duzue gaiaz diharduen bideoa, eta hura ikasgelan lantzeko “trikimailu” bat: serieak erabiltzea. Esate baterako, berri samarra den hauxe: 13 arrazoi (13 reasons why).

 

Yoseba Peñari elkarrizketa El Correo-n, “Kaosaren ederra” liburuaz

Yoseba Peña idazleari elkarrizketa egin diote El Correo egunkarian, “Kaosaren ederra” liburuari buruz.

Yoseba Peñari egindako elkarrizketa jatorrizkotik zuzenean irakurtzeko, hementxe sakatu

Hauxe elkarrizketa osoa:

‘Kaosaren ederra’ argitaratu du, distopia teknologiko batean girotutako thriller filosofikoa

 

Yoseba Peñak (Sodupe, 1977) zientzia fikzioaren bidetik jo du bere azken eleberrian. ‘Kaosaren ederra’ du izenburu (Gaumin, 2017) eta bertan Adam eta Eba gizakien memoria egunero birprogramatzen duen Multzoaren aurka borrokatuko dira. Maitasuna arma bakarra izango dute teknologiaren erabilera gaiztoari aurre egiteko. Testuan tartekatutako irudiek eta komiki zatiek lagundurik, protagonisten eskutik hainbat errealitate maila ezagutu eta hamaika abentura biziko ditugu. “Yoseba Peñari elkarrizketa El Correo-n, “Kaosaren ederra” liburuaz” irakurtzen jarraitu

Ongi etorri Gaumin sormen-etxera

Gaumin eraldatu egingo da berriro ere (harri ibilian goroldiorik ez!), jatorrian izan nahi zuena izan ahal izateko: sormen leku petoa. Hortaz, “sormen-etxea” izango da orain inoiz baino gehiago, zentzurik zabal-sakonenean.

Sormena helburu, sinpletasuna hartuko du Gauminek obsesio, irudimen-txinpartak ereiteko modurik indartsuena delako. Barru bete imajinazio, guztiz aske, jatorriko eta betiko irrika eta desira lagun. Sortu baino ez. Sinpleki.

Ongi etorri Gaumin sormen-etxera!

Bideoa Yoseba Peñarekin: “Kaosaren ederra”

Hona hemen Yoseba Peña bere “Kaosaren ederra” liburuaz hitz egiten.

Istorio bitxia eta berezia da Yosebarena. Ez dakigu nola jasotzen degun errealitatea. Ez dakigu jasotzen deguna errealitatea den, edo “gure” errealitatea, edo areago, beste norbaitek ezarri digun errealitatea. Zenbat buru hainbat errealitate-aburu!

“Matrix” eta “Laranja mekanikoa” filmak edo “1984” liburua etortzen dira gogora berehala.

Yoseba Peñak intrigazko istorioa osatu du halako ideiak josita eta dantzan jarrita. Gure ohiko munduan abiatzen da eleberria… itxuraz. Edo geure mundua bera da itxura? 🙂

Liburuaren sinopsia: “Bideoa Yoseba Peñarekin: “Kaosaren ederra”” irakurtzen jarraitu

Zer da Irakurketa Erraza? Sarrera laburra

Irakurtzean ulertzeko arazoak dituztenei laguntzeko espreski sortutako sistema da. Askotariko koskak izan daitezke: denetariko zailtasunak  (dislexia, bista edo kontzentrazio arazoak, down sindromea…), hizkuntza ulertzeko (euskara, etorkinak…). Urteetan ibili naiz euskal literaturaren bideetan, idazten eta, neurri handi batean, herriz herri sorkuntzaz solasean. Horrexek erakutsi dit zenbaterainokoa den gure premia larria testu irakurterrazak izateko. Euskaraz bereziki. Urteak daramatzat testu erakargarriak osatzeko ahaleginean, euskal irakurle gazteak “harrapatzeko”. Irakurketa Erraza formatua pauso (handi) bat gehiago da helburu horretan. Helburua da istorio duin bat osatzea, traba izan daitezkeen guztiak albo batera utzita: letra tamaina handixeagoa, lerroak egoki etenak ulermenari laguntzeko, oinarrizko hiztegia… Informazio gehiago hementxe, edota nire webgunean bertan.

(Fernando Morillo Grande, Sorginetxe).

Yoseba Peñaren “Kaosaren ederra”

Yoseba Peña idazleak bere azken liburua ekarri digu, labetik atera berri-berria!

Liburu desberdina. Hona hemen sinopsia:

Nor arraio da Adam? Ebak ez du ezagutzen, baina aurkezten diotenean sentituko du aspalditik maite duela. Nola liteke, ordea? Ikusten duena erreala da? Nola jakin burmuina gezurretan ari ote zaigun?
Ebari déjà vu txikietan itzuliko zaio memoria, Adamekin izan zuen maitasun-istorioa. Kontuz, baina: norbaitek ez die elkarrekin egoten utzi nahi. Zergatik?
Adamek demostratuko dio talde ezkutu guztiok programatzen gaituela gauero, hurrengo eguneko gidoia zehaztuz eta bizitakoa ahaztaraziz, urte berbera etengabe errepika dezagun. Betiko. Eta gidoi horrek behin eta berriro banatzen ditu Eba eta Adam.
Arma bakarra daukate mundua kontrolatzen dutenen kontra: sentimendua. Maitasuna, baina, oroitzapenei loturik dago eta, haiek ezabatuta, nola maitatu? “Yoseba Peñaren “Kaosaren ederra”” irakurtzen jarraitu

Aitor Aranaren “Atejolea eta Izaki misteriotsua”

 

Atejolea eta Izaki misteriotsua

Aitor Arana idazleak liburu berria bat dakarkigu! Atejolea eta Izaki misteriotsua. Beldurra eta misterioa nagusi, eta Irakurketa Erraza formatuan dago gainera.

Hauxe da sinopsia:

Zer da beldurra?
Izaki misteriotsuen istorio beldurgarriak
benetakoak ote dira?
Beharbada ez, eta gure beldurrek sortzen dituzte.
Edo beharbada gure desiren irrikek.
Baina kontuz, beharbada bene-benetakoak dira.
Eta egunen batean mamu bat
zure logelan sartu nahian ibiliko da.
Edo beharbada zure desirak betetzeko aukera duzu,
baina hori ez da zuk uste bezain ona…
Bi istorio beldurgarri hauetan bezala. “Aitor Aranaren “Atejolea eta Izaki misteriotsua”” irakurtzen jarraitu

Euskal Herriko V. Booktrailer Lehiaketa

Urtero legez, aurten ere Booktrailer lehiaketa antolatu dugu gaiminkideok. Bideo andana jaso dugu azaroan zehar, eta dagoeneko finalisten eta irabazleen bideoak webgunean ikusgai dituzue.

Jesuitak Indautxu-ko Iratxe Bengoak irabazi du DBH4 eta Batxilergoa saileko saria, eta Lauro ikastetxeko Mikel, Luka eta bi Iñigok irabazi dute DBH1-2-3 saileko saria. Zorionak guztiei! Bideo benetan landu eta ederrak jaso ditugu. Mila esker partehartzaile guzti-guztiei!

Kai txakur-bidaiaria aplikazioa

Kai txakur-bidaiaria aplikazioa

Jadanik prest dugu “Kai txakur-bidaiaria” liburuaren aplikazioa gailu elektronikoetarako. Atzo aurkeztu genuen Elatzeta ikastetxeko gaztetxoekin batera.

Gure txakur tronpetariarekin jolastu nahi baduzu, ehiza- eta artzai-txakurren inguruan gehiago ikasi, gizaki eta animalien arteko harremanean sakondu, edo bidaia magiko bat bizi nahi baduzu, zatoz “Kai txakur-bidaiaria” aplikazioa probatzera!

Nabigatzailearekin sarean aritzeko: http://gaumin.com/kai/aplikazioa/

Badator Durangoko Azoka

Urteroko zita dugu laster Durangoko Azokan. Abenduaren 2tik 6ra han izango gara gure kumetxoak erakusteko irrikaz. Antolakuntzatik aldaketak direla-eta, Barrenkale 50en aurkituko gaituzue. Etorri bisitan!

Nobedadeen artean “Ixtebe Pellot, azken kortsarioa” izango dugu. Fernando Morilloren eleberria da, Irakurketa Erraza formatuan idatzia. Informazio gehiago hemen.

Ixtebe Pellot azken kortsarioa

Ixtebe Pellot azken kortsarioa

Duela bi urte, Maddi eta euskal piratak idatzi nuen. Han, zenbait euskal pirata historikoren gorabeherak kontatu nituen, Maddiren ikuspegitik (eta Mikel Mendibil marrazkilariaren irudiekin). Euskal pirata (edo kortsario) haien pasadizoak eta bizitzak ikertzean, oso erakargarriak egin zitzaizkidan. Haietako bakoitzak liburu mardul oso bat mereziko luke!

Orain aukera izan dut Hendaiako Ixtebe Pellot kortsario handiaren bizitza nobelatzeko. Irakurketa Erraza formatuan idatzita dago (Irakurketa Erraza zer den jakin nahi baduzue, hemen dago informazio zabalagoa).

Pellotek sekulako abenturak bizi izan zituen. 13 urterekin joan zen etxetik, soldadu batzuekin. Hendaiarra izanik, berehala entzun zuen, ozen entzun ere, itsasoaren tentazioa. Eta kortsario hasi zen oso gaztetatik. Hamaika itsas-borroka izan zituen. Egundoko ausardia zuen, egundoko saltoak egiten zituen (Napoleon bera harritu zuen saltoka), eta ia-ia beti zegoen umore onez. Borroka ugari irabazi arren, galdu ere galdu zituen batzuk. Eta atxilotu egiten zuten. Eta horiexetan erakusten zuen Pellotek bere izaeraren distira handia. Behin eta berriro egiten zuen ihes, modu sinesgaitzetan gainera. “Euskal azeria” esan zioten, azeria bezain bizia eta harrapa-zaila zelako.

Liburu honetan aurkituko dituzue Pelloten abenturatako asko. Bere umorearen adibide ugari. Eta bere nobleziarena. Lagunen lagun aparta, etsaiak ere lagun bihurtzeko moduko gizona izan zen.

On egin!

“Ixtebe Pellot azken kortsarioa” irakurtzen jarraitu

Abian da ikasturte berria

Irailean sartuak gara jadanik, eta, noski, ikasturte berria hasi dugu.
Abian da ikasturte berria

Sormenaren alde ederretako bat da sekula ez dela ezer finkatzen amaieraraino. Alegia, egunero da egun berria, eta ez dakizu nola jarraituko duen. Ezin duzu. Eta horrexek ematen dio baliorik erakargarriena, sormenari bizitzari bezalatsu.

Adibide txiki bat. Liburu bat idaztean, batzuetan, oso garbi izaten da zein izango den izenburua. Azken batean, liburu baten zati inportantea da titulua. Baina, baina, baina istorioa idaztean, hariak eta pertsonaiak eta pasadizoak garatu egiten dira. Aldatu eta eraldatu, ibaiak aurrera egiten duen neurrian. Eta orduan finkoa zena ez da jada ziurra, edo zurruna, edo herdoila. Duela hilabete inguru, Yoseba Peñaren liburuaren izenburua eman genuen: “Oximoron konspirazioa”. Istorioa garatuz joan da, tarra-tarra, berrituz, bizituz. Eta orain, liburu bera izan arren, aldi berean ez da. Orain, izenburua ere aldatu zaio: “Kaosaren edertasuna”. Behin betikoa ote? Kaosak berak aldarrikatuko lukeen moduan, nahikoa aldaketa ñimiño bat sekulako ondorioa izateko. Auskalo orduan!

Horrelaxe gabiltza, kaotikoki aurrera, liburuak eta marrazkiak eta bururatzen zaizkigun guztiak prestatzen, prestatzen, zuek gozo-gozo izan ditzazuen. Baina kasu, kaosa ez da kaotikoa. Edo zentzugabea. Ez horratik! Kaosaren edertasunean ulertuko duzue ederki. Eta kaotikoki. Laster!

Udazkeneko nobedadeak prestatzen topera!

Udazkeneko nobedadeak prestatzen topera!

Udan sarturik gaude jadanik, eta gehientsuenak oporretan izango zarete. Zein ongi! Guk ere izango ditugu, noski. Baina oraintxe udazkeneko nobedadeak prestatzen topera gabiltza. Labean zer dugun ikusi nahi?? Sartu, sartu sukalderaino. 

Irakurketa Errazean argitaratzen dugun Erraz irakurtzeko bildumak bi titulu gehiago izango ditu laster. Alde batetik, Fernando Morilloren “Ixtebe Pellot, azken kortsarioa” izango dugu. Pellot kortsario hendaiar apartaren gorabeherak ezagutuko ditugu, sinesgaitzak bezain benetakoak guztiak ere: abentura, ausardia, umorea, ihesaldi etengabeak… denetarik izan zuen Pelloten bizitzak. Zinez ezagutzeko moduko alea izan zen Ixtebe Pellot, “euskal azeria”.

Bestetik, Irakurketa Errazaren baitan, baita, Aitor Aranaren eleberri bat izango dugu. Beldurra izango omen du ardatz… Baina horren berri izateko zain egon beharko duzue. Sorpresa!

Bizigai bilduma ere handitzen doa. Bizitzari heltzeko gaiak lantzen ditugu txoko honetan; minbizia, eskola jazarpena… Oraingoan emozioen lanketarekin gatoz. “Trumoi txakurraren negarra” du izenburu. Oinatz eta Goizane dira “giza” protagonistak. “Giza” azpimarratzen dugu, ze izan ere badira beste mota bateko protagonista garrantzitsu batzuk ere: Trumoi txakurra eta Mimi eta Tigre katuak, esate baterako. Gizakion eta animalien arteko harremanak aztergai. Adiskideak eta leialtasuna, askotariko komunikazio moduak edo ankerkeriak ereindako samina.

Gehiago! Yoseba Peñaren eleberri bat ere ari gara lantzen: “Oximoron konspirazioa”. Eba eta Adam gizarte osoa kontrolatzen duen makina zorrotz eta bihozgabearen aurka borrokan. Hurrengo hilabeteotan zabalago!

Kai mugikorra

Gure Kaitxuk ezin zuen bere liburuan geldirik egon eta mugitzeko bidea ematea erabaki dugu. Urte bukaeran aplikazio interaktibo eta multimedian jolas txikiz betetako Kairen istorioa argitaratzea nahiko genuke. Zertaz ari garen jakiteko hemen duzue orain arte garatutako zirriborro digitala. Ongi pasa!

KAI mugikorra

 

Liburu berriak

Liburu berriak

Irakurketa Errazeko liburuen zerrenda handitzen doa pixkanaka. Oraingoan, gaztetxoentzako “Amaia udalekuetan” idatzi digu Onintze Goitiz-ek, eta Bilbo hiribildu bihurtu zeneko eleberri historikoa Laida Martinez-ek. Zorionak bioi, neskak!

Erdi Aroko egunak

Erdi Aroko egunak

Laida Martinez Navarrok idatzitako liburuak argia ikusi du jadanik. “Erraz irakurtzeko” sailan argitaratu dugu, Mikel Mendibilen ilustrazioez lagunduta. Hona hemen sinopsia:

Itsasadarra duen herri txikia da Bilbo.
Joanes soldadu joan da Gaztelako gudara, On Diego Lopez Harokoarekin.
Atzean utzi du gustatzen ez zaion bizimodua
eta Argia, Katixa eta Uria jauna bere lagunak:
Argia berarekin erdi-maiteminduta dago;
Katixak ondo ezagutzen ditu mutilaren akatsak;
eta Uria jaunak Bilbo handitu nahi du merkataritza erabiliz.
On Diegok Jaurreria lapurtu zion bere iloba Mariari,
eta orain andreak hura berreskuratu nahi du.
Zenbat maitasun, guda, historia…
Denetarik izan zen Bilbon Erdi Aroko egunetan!